XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Noiz utziko ote ditugu etsaikeriak?

Eztitugu berealakoan lagatzen gurekiko zipokeriak! Irizpide berekoak eztugu zer izanik Euskaltzaleok euskeraren eta bere batasunaren alde alegintze arren.

Argatik, borondate ta gogo oneko Euskaltzale edonor litzake izen onen diña.

Nere iritziz, beintzat, diñatasun ori galtzen dute, batikpat, senideak zistatzera naikeriz eta etsaikeriz jotzen dutenek.

Eta ortik larregi dugu aspalditxoan.

Ain gaitza ote zaigu griña gaizto au beingoz menperatzea? Alakoxe paketsu ari zan azkenaldian Zenbat Gara saillaren egille yayoa bere asteroko lan mardula eskeintzen... Ba, or etorri da bein eta berriro ziria zorrozturik (irakur Z.A.-ren 580`gn zenbakiko bere atala).

Besteak beste, aidera igorri dituan azken itaun biak eztira iñundik ere ixillik uztekoak.

Ostera, etsaikeririk gabe emandako iardespen bat merezi dutela deritzait.

Ona emen AMATIÑO bizkorrak zer galdetzen zuan:.

Zergatik apezpikuaren (emen Añoberos jauna ipin dezakegula uste dut) esanarekin bat ez datozen katoliko zintzoek eta Euskaltzaindiari jaramonik egiten ez dioten euskaltzale sutsuek elkarren traza handia dute?.

Bikain, adiskide! Orixe bai dala errikide norbaitzuk zer eztiran poliki adieraztea; ain zuzen, zer ba-diranaren indarra puztu ta itxuragabetuz.

Bestaldetik, nai-ta ere etzendukean egiterik berdinketa edo konparaketa iguingarriagorik! Ez orixe!.

Eztakit baiña, uste dut zuk ere neronek ez-ezik artuko zenduala Añoberos jaunari egurra emateko asmoz norbaitek zabaldu duan gutun bat.

Beste zenbait gauza izugarrien artean zera adierazten zuan bere egilleak, ots, kristau erdaldunak maiteago dituala siñismenik gabeko euskaldunak baiño.

Onelakotzat ote dauzkatzu zuk, AMATIÑO, Euskaltzaindiari jaramonik egiten ez dioten euskaltzaleak? Ezta siñistekoa, ez beintzat zure burua bere tokian baldin ba`dago. Zuk eta nik bezain ongi baitakike edonork, dalako Gotzai orren oraintsuko esanekin bat eztatorren euskaltzale izeneko iñor ez daitekela izan euskaltzale are gutxiago sutsu oietakoa, ez katoliko zintzo ere.

Edo-ta beste era batera esateko, euskaltzale edozeiñentzat geiago noski sutsua izan ezkero zitzakeala pozgarri zorioneko agiria.

Argatitxek eztut susmo onik egiten; ea zintzotasunak eragiñik ez ote dituzun jaurti itaunok.

Izan ere, leenagotik beste auxe ere itauntzen baitzenduan:

Zergatik AGUR astekaria ulertu ahal izateko, lehenago ZERUKO ARGIA aldizkaria irakurri behar dugu?.

Xotil etzatozenik ezin esan genezake.

Dana dala, utz zaidazu zertxobait esaten.

Zearo oker ezpa`nago, beintzat, iñoiz jakiten ditugu gauza interesgarriak zure begiko eztan bizkaitar aldizkariari esker.

Eta besteak beste, emenditxek ikus aal izango dugu, ederki askorik, zeintzuk diran Euskaltzaindiaz arreta galtzen geienbat nabarmendu diranak.

Erakunde orren illeroko billerak dirala-ta, bein baiño geiagotan eman digu AGUR`ek aspalditxoan batanaz-beste biltzen diran Euskaltzaiñen kopurua: iñoiz izen zerrenda ta guzti, alajaiña! Ogei baiño geiagorik ez, nunbait.

Nun dira gaiñerakoak ia berreun arte? Zerbait gertatzen da Euskaltzaindiaren baitan Euskaltzain jaunak ia batpatean ajolabetzeko! Ez ote zaio iñori bururatu egoera arlote orren sustraiak arakatzearen bearrik? Euskaltzaindiak bere baitan zart egiñik darraian bitartean txit gaitza litzaioke erriaren begirapena irabaztea.

Elkarrekiko etsai diran gurasoek ere, tamalez, aurki galtzen baitute seme-alaben itzal eta errespetoa...

Nolanai ere, egoeraren sustraiak ezagutzeko eztugu Euskaltzaiñen oinkadak zaintzea bezelakorik.

Eta egia diozut, ez naiz ni Euskaltzaindiaren izena itzean eta ortzean ibil-gura.

Orain, ordea, arira datorkit gaur bertan (1974, jorraillak 14) AGUR aldizkarian Lekuona`tar On Manuel euskaltzain ooretsuari irakurri diodana.

Besteak beste, urrezko eredu bat ematen du euskeraren batasunerako:.

Alde batetik Itzen berezko forma jatorrera jo bearra daukagu esaten du; fonetismoen gaiñetik alegia.

Eta gero, euskalkirik (euskaldunak nioke nik) geienek erabiltzen dituzten formak aukeratu bear ditugu.

Eta ortaz gaiñera, forma naasiak baztartu.

Antzeko txosten bat bidali zuala bere garaian Euskaltzaindira adierazten du.

Euskaltzaindiak darraio On Manuel`ek nuen, zuen etab. aukeratu du, bere batasunerako.

Nola?, ez dakigu.

Ikus daitekenez, danok ere ez gera makalak besteeri jaramonik ez egiten...

Nik, azkenik, auxe eskatuko nuke - Jarrai dezala euskal idazle ta euskaltzale bakoitzak bere lanak Euskera ta Euskalerri`ari eskeintzen.

Eta utz ditzagun, beingoz, etsaikeriak eta ateraldi biurriak.

Demagojiak eta naasketak ezpaitu lagunduko Euskera sendotzen; are gutxiago Euskalerri`a euskalduntzen...

IRIARTE`TAR JOSE LUIS.